Berriatuako Mendibarren udal pilotalekuan hasi zen atzo arratsaldean Euskerean Eupadea! lehiaketaren lehenengo edizioa. Harmailetan jende ugari bildu zen lehen finalaurrekoa ikusi eta parte hartzaileak animatzeko eta oholtza gainean, berriz, Lea-Artibai eskualdeko txoko desberdinetatik bertaratutako sei talde bi adin-mailatan banatuta. Batetik, 8-11 urtekoen maila eta, bestetik, 12-16 urtekoena.

Gaztetxoenen txanda izan zen aurrena eta zozketa bidez zehaztutako hurrenkeran jardun zuten lanean 8-11 adin-mailako lau taldeek: Hika- Mikan, Kaxero Gaupasero, Tximistak eta Ganberruk. Finalaurrekoen fase honetan hiru proba egin behar dituzte lehiakideek (Mimika, Taldekako Showa eta Galderen Jolasa) eta aipatutako hiru proba horiek jokatu ostean, eta puntu erdiko diferentzia estuagatik, Hika-Mikan taldeak eskuratu zuen txartela abenduaren 2an, hots, Euskara Egunaren bezperan, Markina- Xemeinen jokatuko den final handirako.

Gazte mailako bi taldeen txanda izan zen ondoren eta nor baino nor aritu ziren Egurre!!! eta Burogogorrak taldeetako lehiakideak. Aurreko txandan gertatu bezala, kasu honetan ere puntu erdiko aldeagatik eskuratu zuten finalerako pasea Egurre!!! taldeko parte hartzaileek.

Datorren asteburuan Aulestin, Etxebarrian eta Munitibarren jokatuko diren finalaurrekoetan erabakiko da zein beste sei talde pasatuko diren Markina- Xemeingo finalera Hika-Mikan eta Egurre!!! taldeekin batera, izan ere, abenduaren 2ko finalean zortzi taldek hartuko dute parte. Hain zuzen ere, 8-11 adin-mailako lau finalaurrekoetako irabazleek eta 12-16 adin-mailako finalaurrekoetako lau irabazleek eskuartuko dute finalerako.