Herenegun eta atzo bitartean jokatu ziren Euskerean Eupadea! lehiaketan jokatzeke zeuden hiru finalaurrekoak eta datorren zapatuan Markina-Xemeingo UNI frontoian jokatuko den finalean oholtzaratuko diren zortzi taldeak zeintzuk izango diren zehaztuta geratu da. Gaztetxoen mailan (8-11 urte) Hika-Mikan, Aulestibixi, Etxebarriko Makinak eta Ondarrutar Famauk taldeak lehiatuko dira eta gazte mailan (12-16 urte), berriz, Egurre!!!, Zitxalak, Lorituk eta Patxikontrak taldeak arituko dira nor baino nor.

AULESTIN BEHETIK GORA

Bigarren finalaurrekoa ez zen espero bezain ondo hasi, izan ere, gaztetxoen mailan lehiatzekoak ziren hiru taldeetatik bat, hain zuzen ere Euskalerriko Txerriak taldea, ez zen agertu eta gazte mailan are okerrago, izan ere, bi talde ziren elkarren aurka aritzekoak baina Zitxalak taldeko kideak agertu ziren soilik Aulestiko udal aretora. Parte hartzaile zein ikusleentzako saioa erakargarriagoa egiteko asmoz, gaztetxoen mailako bi taldeekin batera oholtzaratzeko proposamena egin zitzaien Zitxalak taldekoei eta gustura asko onartu zuten gonbidapena, finalerako pasea poltsikoan izateak ematen duen lasaitasuna baliatuz, entrenatzeko eta ondo pasatzeko baliatu baitzuten zapatu arratsaldeko saioa. Gaztetxoen arteko lehian, berriz, urduritasuna handiagoa zen. Finalaurrekoa hasi orduko, finalera heltzeko %50eko aukerak zituzten bi taldeek, baina hirugarren eta azken proban, balantza beraien aldera ekartzea lortu zuten Aulestibixi taldekoek. Hala ere, nabarmentzekoa da azaroaren 25a izanik Aulesti Racing taldeko kideek egindako keinua Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunari eta publikoaren partetik jaso zuten esker ona.

HOTZARI AURRE EGINEZ

Domeka eguerdian zen hitzordua Etxebarriako finalaurrekorako eta frontoi barruan hotz egiten zuen arren, bertaratutako ikusle piloari esker ederto berotu zen giroa. Eszenatoki gainean ere, parte hartzaile mordoa: hogeita hamahiru gazte zazpi talde eta bi mailatan banaturik.
Gaztetxoenen txanda izan zen aurrena eta zozketa bidez zehaztutako hurrenkeran jardun zuten lanean aipatutako maila horretako bost taldeek: Ixenik Baikuk, Handiak, 5 Onenak, Etxebarriko Makinak eta Eupak. Izan umorea baliatuz, izan Lea-Artibai eskualdeko historia landuz edota izan Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunari keinu eginez, aipatzekoa da maila oso altua erakutsi zutela talde guztiek show librearen proban. Jokatu beharreko hiru probak jokatu ostean, hamaikana punturekin berdinduta zeuden Ixenik Baikuk, Etxebarriko Makinak eta Eupak taldeak, baina berdinketa apurtzeko lanetan finago aritu zirenez, Etxebarriko Makinak taldeko kideek lortu zuten finalerako txartela.
Gazte mailako bi taldeen txanda izan zen ondoren eta nor baino nor aritu ziren Lorituk eta Eup! taldeetako lehiakideak. Aurreko txandan gertatu ez bezala, kasu honetan ez zen berdinketarik eman eta puntu erdiko alde estuagatik izan bazen ere, Lorituk taldeko parte hartzaileek eskuratu zuten finalerako pasea.

ARETOA TXIKI ETA AMAIERAK ESTU

Laugarren eta azken finalaurrekoa jokatzeko, Etxebarriatik Munitibarrera egin zuen salto Euskerean Eupadea! lehiaketak. Udal aretoa ikuslez gainezka zegoen eta oholtza ere lehiakidez beteta. Ondarrutar Famauk, Artistak, Oizko Gaztik, Matxinsaltuk eta Momiñek izan ziren gaztetxoen mailan parte hartu zuten taldeak eta egin beharreko hiru probak egin ostean, lau talderen arteko berdinketa suertatu zen markagailuan. Kostata, baina azkenean Ondarrutar Famauk taldea izan zen garaile gaztetxoen mailan.
Ondoren, gazte mailako taldeen txanda izan zen eta Patxikontrak eta Satelitiak taldeak igo ziren eszenatoki gainera. Nor baino nor jardun zuten talde biek eta lehia estua izan bazen ere, Patxikontrak taldeak puntu erdi gehiago biltzea lortu zuen eta, beraz, jokoan zegoen finalerako azken txartela ere bai.

FINALERDIEN OSTEAN, FINALA

Bukatu dira finalaurrekoak eta lehiaketan parte hartu duten talde guzti-guztiei eskerrak emateko momentua da. Eta nola ez, finalera pasa direnei zorte on esatekoa ere bai. Talde finalistek launa proba (Aurkezpen Bideoa, Antzerkia, Nor da? eta Potokumenak) egin beharko dituzte abenduaren 2an, arratsaldeko 17:00etan, Markina-Xemeingo UNI frontoian jokatuko den finalean.
Finalera sailkatu diren talde guztiek izango dituzte sariak: lehenengo gelditzen diren talde biek Lea-Artibaiko produktuekin betetako otzara bana, Sustraiak Naturarekin adostutako multiabenturako saio bana eta bazkari edo afari bana irabaziko dituzte; bigarren geratzen direnek Sustraiak Naturarekin adostutako multiabentura saio bat eta Lea-Artibaiko produktuekin betetako otzara irabaziko dute, eta hirugarren eta laugarren taldeek otzarak jasoko dituzte.