Probak

Maila bi ditu lehiaketak, eta maila bakoitzean bina fase jokatuko dira:

1-AURKEZPEN BIDEOA:

Talde bakoitzak aurkezpen bideo bat grabatu beharko du azalduz nortzuk diren taldea osatzen dutenak ahalik eta modu original eta dibertigarrienean. Aipatutako bideo hori aldez aurretik grabatu beharko dute finalistek eta whatsapp bidez helarazi 645006312 telefono zenbakira abenduaren 1a baino lehen. Bideoak minutu bateko iraupena izango du asko jota eta finalaren egunean eszenatokian bertan egongo den pantailan proiektatuko da.

2-ANTZERKIA:

Lea-Artibai eskualdeko pasarte edo kondairaren baten oinarritu beharko da bigarren proba honetan finalistek antzeztuko duten istoriotxoa. Taldekide batek narratzailearen papera beteko du (narratzaile soil edota narratzaile-antzezle izan daitekeelarik) eta gainontzeko taldekide guztiek hartu beharko dute parte antzezpenean. Antzerki bakoitzaren iraupena 2 minututakoa izango da gehienez eta etxetik prestatuta ekarri beharko da.

3-NOR DA?:

Lea-Artibai eskualdeko pertsona ezagun baten argazki bana ipiniko zaie talde finalistei eszenatokiko pantailan eta kasuan-kasuko lehiakideek atzekaldean izango duten argazkian agertzen dena nor den asmatu beharko dute publikoari BAI-EZ erantzun erako galderak eginez.

4-POTOKUMEAK:

Bertsolari modura dauzkaten trebeziak erakutsi beharko dituzte finalistek azken proba honetan. Lehen errima ez beste guztiak ezabatuta dituen bertso bana pantailaratuko zaio talde bakoitzari eta bertsoaren aldamenean egongo den errima zerrenda baliatuz, bertsoa modu egokian osatzen ahalegindu beharko dira taldeak.

*Finaleko lau probak lehiatu ostean taldeen arteko puntuazio berdinketarik balego, Galderen Jolasa erabiliko da berdinketa hori apurtzeko.

MIMIKA:
Finalaurrekoetako lehen proba mimika izango da, hau da, gorputz mugimendu eta keinuak baliatuz, aurkezleek emandako hitza zein den azaltzeko ahalegina egin beharko du taldekide batek eta, bitartean, hitz hori zein den asmatzen ahalegindu beharko dira gainontzeko taldekideak. 30 segundoren barruan asmatu ezkero zein den kasuan kasuko hitza, puntu 1 jasoko du taldeak trukean eta, aldiz, 30 segundotik gora behar izan ezkero, publikoari galdetuko zaio, baina publikoak igarri ezkero, soilik 0,5 puntu jasoko ditu taldeak trukean. Talde bakoitzak 3 mimika lan egin beharko ditu eta mimika lan batetik bestera aldatzerakoan mimika egileak eurak ere aldatu egin beharko dira, beraz, talde bakoitzeko hiruna partaidek egin beharko dituzue guztira mimika egile lanak.

TALDEKAKO SHOWA:
Aurretiaz prestatutako show libre bat egin beharko duzue talde osoaren artean bigarren proba honetan. Taldekide bakar batek hitz egin ahalko du bakarrik (narratzaileak), gainontzekook era mutuan antzeztu beharko duzuelarik showa. Hori bai, narratzaileak berak hala nahiko balu, narratzaile izateaz gain showaren parte ere izan daiteke narratzailea. Show bakoitzaren iraupena 3 minututakoa izango da gehienez.

GALDEREN JOLASA:
Lea-Artibai eskualdeko jakintza orokorrari buruzko galderak erantzun beharko dituzue hirugarren eta azken proba honetan. Taldekide guztiek aldi berean hartuko duzue parte eta helburua da ahalik eta galdera gehien erantzutea 3 minututan. Erantzun egoki bakoitzaren trukean puntu 1 jasoko duzue.

*Finalaurrekoetako hiru probak lehiatu ostean taldeen arteko puntuazio berdinketarik balego, Galderen Jolasari helduko genioke berriz ere berdinketa hori apurtzeko.

*Besteak beste, parte hartzaileen originaltasuna eta euskalkien erabilera hartuko dira kontuan proben balorazioak egiterakoan.

Zer da Euskerean Eupadea?

Euskerearen eupadea! Lea-Artibaiko ume eta gazteontzako lehiaketa bat da. 4-6 laguneko taldeetan parte hartu ahal izango duzue, eta sormena egongo da guztiaren oinarrian. Proba desberdinak egin beharko dituzue, eta amaieran, sari bikainak irabazteko aukera edukiko duzue! Animatu zu eta zure inguruko lagunak!

Lehiaketaren helburua euskarari eta euskararen egunari bultzada ematea da, baita, eskualdeko herri desberdinetako ume eta gazteen arteko elkar ezagutza bultzatzea ere.

Izen ematea urriaren 9tik 22ra bitartean egongo da zabalik. Abenduaren 2an jokatuko da finala Markina-Xemeinen, euskararen egunaren bezperan.

Parte hartzaileak

4-6 laguneko taldeetan parte hartuko duzue Euskerearen eupadea! lehiaketan. 2001etik 2009ra bitartean (biak barne) jaiotakoontzako izango da, eta Lea-Artibaikoak zaretenontzako edo Lea-Artibaiko ikastetxeetan ikasten duzuenontzako izango da.

Lehiaketak maila bi izango ditu:

8-11 urte bitartekoak

12-16 urte bitartekoak

Zozketa bidez erabakiko da talde bakoitzak non eta noiz jokatuko dituen finalaurrekoak eta finala, berriz, Markina-Xemeinen izango da abenduaren 2an.

Sariak

1

450€-ko balioa duen abentura ekintza baterako bonua eta bazkari edo afaria 10 lagunentzako (Sustraiak Naturaren eta Antsotegi Hotelaren laguntzarekin) eta 150€-ko balioa duen eskualdeko produktu sorta.

2

200€-ko balioa duen abentura ekintza baterako bonua 10 lagunentzako (Sustraiak Naturaren laguntzarekin) eta 50€-ko balioa duen eskualdeko produktu sorta.

3

150€-ko balioa duen eskualdeko produktu sorta.

4

100€-ko balioa duen eskualdeko produktu sorta.

Sari berezia:

20 pertsonentzako sormen egonaldia zozketatuko da 12-16 urtekoen kategoriako parte hartzaile guztien artean. Aulestiko Atxagari aterpetxean izango da egonaldi hori, bertan Lea-Artibai eskualdeko zenbait sortzailerekin elkarlanean aritzeko aukera izango delarik.

Antolatzaileak & Laguntzaileak