Euskara egunaren bezperan, hots, abenduaren 2an jokatu zen Euskerean Eupadea! lehiaketako finala Markina-Xemeingo UNI frontoian. Kanpoaldeko prezipitazio eta hotzaren eraginetatik salbu, saio bikainak jokatu zituzten finalistek eta Unibertsitateko harmailetan bildutako ikusle andanak gozamen ederra hartu ahal izan zuen. Azkenean, eta biek ala biek puntu bakarreko alde estuagatik, Etxebarriko Makinak taldeak irabazi zuen 8-11 adin-mailan eta 12-16 adin-mailan, berriz, Lorituk taldea nagusitu zen.

FORMATU TXIKITIK HANDIRA

Finalaurrekoetan erabilitako formatu apalagoa albo batera utzi eta formatu handi eta ikusgarriago baten aldeko apustua egin zuen Euskerean Eupadea! lehiaketak finalaren egunean. Esaterako, lehiaketa-ikuskizuna gidatu zuten Herri eta Bixi pertsonaiez gain, beste hamar lagun pasatxoko lan taldea aritu zen lanean dena behar bezala atera zedin. Txukun-txukun soinuztatu, argiztatu eta atondutako eszenatokiaren erdi-erdian pantaila erraldoi bat ipini zen eta aipatutako pantaila hori izan zen, hain zuzen ere, lehiaketaren ardatz, bertan jokatu baitziren ia proba guztiak.

HIRU PROBA ORDEZ, LAU

Orduara arteko bideari jarraituz, 8-11 adin-mailako taldeak oholtzaratu ziren lehenbizi eta 12-16 adin-mailako taldeak lehiatu ziren ondoren. Zozketa bidez zehaztutako hurrenkeran, Hika-Mikan, Etxebarriko Makinak, Ondarrutar Famauk eta Aulestibixi taldeak irten ziren agertokira gaztetxoenen mailan. Gazte mailan, aldiz, Lorituk, Patxikontrak, Egurre!!! eta Zitxalak taldeak oholtzaratu ziren.

Finalaurrekoetan hiru proba jokatu behar izan bazituzten ere talde parte hartzaileek, finalean lau probari egin behar izan zieten aurre talde finalistek. Aurkezpen Bideoa izeneko proba izan zen lehenengo proba: aldez aurretik eta ahalik eta modu originalean, beraien buruak aurkezteko bideo bana grabatu behar izan zuten talde finalistek eta, finala hasteraekin batera, eszenatokiko pantailan proiektatu ziren.

Ondoren, Antzerkiaren tartea iritsi zen. Antzezpenak egiterakoan, ezinbesteko baldintza zen Lea-Artibaiko kondaira edo pasarteren baten oinarritu behar zirela bigarren proba horretan finalistek antzeztuko zituzten istorioak. Horiek horrela, Leokadiren, Aittitte Makurraren, Lekeitioko bale arrantzaleen eta Santa Eufemiako Mariren istorioak anteztu zituzten finalistek besteak beste eta, baita, Lea-Artibai eskualdean gertatutako zenbait pasarte zelebre ere.

Nor da? izeneko proba izan zen finaleko hirugarren proba eta izenak berak azaltzen duen moduan, Lea-Artibai eskualdeko pertsona ezagun baten argazki bana ipini zitzaien talde finalistei eszenatokiko pantailan eta, kasuan-kasuko lehiakideak, bizkarraldean zeukaten argazkiko protagonista nor zen asmatzen ahalegindu behar ziren bai-ez erantzun erako galderak eginez publikoari. Nahiko ondo moldatu ziren talde gehienak, baina Zitxalak taldekoei ikaragarri kosta zitzaien Gregorio Larrañaga Mañukorta nor zen asmatzea, belaunaldi-arteko jauzia eta transmisio katearen hutsuneak begi bistan utziz.

Azkenik, Potokumeak probaren txanda izan zen. Bertsolari trebeziak erakutsi behar izan zituzten finalistek azken proba horretan. Lehen errima ez beste guztiak ezabatuta zituen bertso bana pantailaratu zitzaion talde bakoitzari eta, bertsoaren aldamenean zegoen errima zerrenda baliatuz, bertsoak modu egokian osatzeko ahaleginak egin behar izan zituzten taldeek. Pantailaratutako zortzi bertsoetatik zazpi, eskualdeko bertsolarienak izan ziren (Eneko Arrate, Gregorio Larrañaga Mañukorta, Xabat Galletebeitia, Iratxe Ibarra, Juan Ibarzabal Buztarri, Nerea Ibarzabal, Lander Ibarluzea Aitxulua) eta, bestea, Maialen Lujanbio atzerritarrarena.

SAILKAPENA ETA SARIAK

Proba guztiak jokatu ostean, eta biak ala biak puntu bakar-bateko aldeagatik, Lorituk eta Etxebarriko Makinak taldeak izan ziren irabazle. Bigarren postuak, berriz, Patxikontrak eta Ondarrutar Famauk taldeentzat izan ziren. Egurre!!! eta Aulestibixi eta Zitxalak eta Hika-Mikan taldeek lortu zituzten, hurrenez-hurren, hirugarren eta laugarren postuak.

Finalean lehian aritu ziren talde guztiek jaso zituzten sariak: Lea-Artibaiko produktuz betetako otzara bana, Sustraiak Naturarekin adostutako multiabenturako saio bana eta bazkari edo afari bana eskuratu zituzten irabazleek; bigarrenek Sustraiak Naturarekin adostutako multiabentura saio bana eta Lea-Artibaiko produktuz betetako otzarak jaso zituzten, eta hirugarren eta laugarren sailkatutako taldeek ere eskualdeko produktuekin betetako otzarak eskuratu zituzten

Euskerean Eupadea! lehiaketa posible egin duten erakunde eta enpresen ordezkari gisa, Lea-Artibaiko mankomunitateko lehendakaria den Rakel Elu, Markina-Xemeingo euskara zinegotzia den Iratxe Lasa, Berriatuako alkatea den Jon Arriola eta Baskaran gaztandegiko Bidane Baskaran aritu ziren sariak banatzen.

Amaitu aurretik, ezin azpimarratu gabe utzi oso harrera ona izan dutela, finaleko sariez gain, lehiaketako parte hartzaile guztien artean banatutako sariek (Euskerean Eupadea! lehiaketako diplomak, Santamañe gaztandegian ekoitzitako gazta zatiak eta Lea-Artibai eskualdeko mapak). Baita ere, tokiko garapenena eragitea helbururu izan duen Geurie Zukutuz egitasmoak: saio bakoitzaren bukaeran, Gizaburuagako Laneko kooperatibak ekoitzitako sagar zuku naturala banatu izan da doan (200L inguru guztira) bertaratutako lehiakide eta ikusle guztien artean.

BIGARREN EDIZIOA 2019AN

Parte hartzaile zein ikusle kopurua ikusita eta lehiakideek erakutsitako maila kontuan hartu ezkero, Euskerean Eupadea! lehiaketatik egiten den lehen balorazioa guztiz positiboa da. Hala ere, balorazio sakonago bat egin beharko da lehiaketa antolatu eta babestu duten erakunde eta enpresen artean, lehen edizioaren indargune eta ahulguneak identifikatzeko eta, ondobidean, 2019. urterako aurreikusten den bigaren edizioa are arrakastatsuagoa izan dandin.